Barbaroak eta zibilizatuak: Kritika eta praktika marxisten, transfeministen eta dekolonialen pentsamoldeak bere eginez, eskuliburu honek mendez mende gure herrian eraikitako iruditeria basa aztertzen du. Horretarako, Euskal Herriko pentsalariak eta iturriak oinarri hartuta, lau barbarizazio prozesu aletzen ditu, barbarizazioa izanik, egilearen hitzetan, “euskaldun desobediente emantzipatzailearen aurkako indarkeria materiala”. Horrenbestez, erreminta kutxa bat izan nahi du euskararen, euskaldunaren eta Euskal Herriaren zapalkuntzak barbarizazio prozesuen gurutzaketatik ulertzeko. Iruditeria horretatik ihes egiteko praktikak ere proposatzen ditu, eta erakusten nola izan den euskara zapalkuntzarako eta erresistentziarako eremu behinena.
Iratzar fundazioak eta Txalapartak elkarlanean argitaratzen duten Iparrorratza bildumaren 5. alea da hau.
Gureak ere badira: Belaunaldi aldaketa bat gertatu dela, egungo gazteek ez dakitela konpromisoa zer den, ez dagoela etorkizun desiragarri posiblerik, abertzaletasuna eta komunitatea ahuldu egin direla… horiek eta gisakoak maiz entzun ditugu azken urteetan. Halako ideia maiztu bezain erosoak nondik datozen azaldu eta horiek problematizatzen dituzte egileek, afektuetan eta kolektiboan arreta jarriz eta eraldaketa sozialerako desira, boterea eta epika ardatz hartuta. Beren esperientzia, gorputz eta ikuspegitik aztertzen dute orain arte eraiki den istorio komuna, eta hori berridazteko gakoak ematen dituzte, zeren, denok kabituko bagara, istorio komunak ezin baitu istorio bakarra izan. Haienak ere badirelako.
Iratzar fundazioak eta Txalapartak elkarlanean argitaratzen duten Iparrorratza bildumaren 6. alea da hau.