Nafar Editore Independenteen Elkartea - Asociación de Editores Independientes de Navarra osatzen duten argitaletxeen jardun ekonomiko nagusia liburuen edizioa eta salmenta da, eta ez dira, beraz, talde handien edo instituzio publikoen mendeko.

Elkartearen helburuetako batzuk hauek dira: liburuaren defentsa egitea, aintzat hartu beharreko kultur adierazpidea delakoan; liburuen sortze, editatze, banatze eta zabaltzearen arloan lan egiten duten nafar industria eta enpresen sendotzea eta indartzea; botere publikoek liburua, tokiko industria, biblioaniztasuna eta irakurketa oro har sustatzeko politikak ezar ditzaten eragitea; eta, azkenik, Nafarroaren hizkuntza- eta kultura-aniztasuna babestea eta sustatzea.

Nork parte hartzen du

Editorial EcoHabitar

Gizarte-komunikazioko argitalpen-proiektua, kontrolik gabeko kontsumoan eta gure planetaren higaduran oinarritutako kultura birsortzen laguntzeko baliabideak proposatzeko. Erantzunak emateko eta aukerak, ideiak eta inspirazioak eskaintzeko proiektu bat, zibilizazio arduratsuago baterantz azkar aldatzen den mundu batean.

Next Door Publishers argitaletxea
Continta Me Tienes
Denonartean

CENLIT EDICIONES nafar argitaletxea 1976. urtean sortu zen, eta urte asko eman ditu hezkuntzaren, irakaskuntzaren eta zenbait jakintza-eremu bereziren inguruko liburuak argitaratzen.

Orain dela urte batzuk, argitaletxearen jabetzan izandako aldaketarekin batera, argitaletxean beste hainbat arlo jorratzeko proiektuari ekin zion Kike Hualde editoreak Unai Pascualekin batera. Horren emaitza da DENONARTEAN zigilu berria.

DENONARTEAN, batetik, nazioarteko mailan ezagunak diren egileen obrak euskarara ekartzeko sortu da, eta, bestetik, euskaraz sortutako obrak zein euskal gaien ingurukoak argitaratzeko. Katalogo orekatua du helburua, argitaletxearen funtsari eta egileei dagokienez, eta, horregatik, idazle oso ezagunen ondoan –Lev Tólstoi edo Fernando Pessoa, esate baterako–, euskal idazle berrien aldeko apustua ere egiten ari da (Mikel Mendibil, Rebeka Elizegi edo Egoitz Garro, esaterako). Kalitateko lanak eskaini ez ezik (irudiak, marrazkiak, argazkiak...), balio pedagogiko unibertsalak ere bultzatu nahi ditu: ekologismoa, adiskidetasuna...

Horretarako, arlo askotako profesionalak (itzulpengintza, diseinua, argazkigintza...) bildu dira argitaletxe-zigilu honen inguruan, proiektua aurrera ateratzeko helburuak batuta.

 

Euskarara kalitate aitortuko testuak ekartzea duten obrak ere badaude, nazioarteko mailan ospea lortu duten egileek idatziak, irakurle askoren arreta erakartzeko gauza direnak. Halakoei dagokienez, testuen kalitatea eta irakurle askorengana iristeko asmoa uztartzeko erronkari heldu dio zigiluak.

Ediciones Eunate

Eunate argitaletxea duela 30 urte baino gehiago sortu zen Iruñean (Nafarroa), hiru unibertsitate dituen hirian, hain zuzen material akademikoa argitaratu asmoz: medikuntza, zuzenbidea, ekonomia eta gizarte lana, hasiera batean. Gerora, espiritualitatearen eta teologiaren gaiei ere heldu zien. Handitu ahala, eleberriak, ipuinak eta poesia editatzen hasi zen, autore eta obra gehiagori leku eginez. Gaur egun, belaunaldi aldaketa egin eta gero ere, helburuak ez dira aldatu: literaturari dagokionez, helburua da kalitatezko lanei jendaurrean aurkezteko aukera ematea; dibulgazioaren eta unibertsitatearen arloetan, berriz, lan berritzaileak eskaintzea, zorroztasun akademikoa dutenak eta interes orokorrekoak direnak. 

Ediciones Papeles del Duende

Argitaletxe hau 2017an sortu zen. Izan eleberri, izan saiakera, izan haurrentzako album argitaratzen du. Zuzenketa-, maketazio-, azalen diseinu- eta itzulpen-lanak ere egiten ditugu. 

Igela

1988aren udazkenean tolosarrez osatutako hirukote bat bildu zen Donostiako bazter-auzo bateko taberna batean: kontua da argitaletxe bat sortzea bururatu zitzaigula.

Dirua eskas baina ausardia sobran zuen taldetxoa –Xabier Olarrak, Joseba Urteagak eta Jose Manuel Gonzalezek osatua– 1989ko apirilaren 14an –egun «siñalia» munduan izan diren errepubliken erreinuan–, Iruñean bildu zen, eta sozietate mugatuaren lege-figura eman zion IGELA argitaletxeari. Mugarik ez zen falta, beraz. Are gutxiago asmo eta ametsik.

Argitaletxeak Iruñeko kale Nagusian ezarri zuen egoitza. 1989ko abenduan kaleratu ziren Igela zigiluaren lehenbiziko bi liburuak, eta horrela eman zitzaien hasiera Sail beltza eta Enigma izeneko bildumei. Hurrengo urtean berean eman zitzaion hasiera Literatura izeneko sailari. Gerora beste hiru sail ireki ziren: Mintaka, Gabonetako ipuinak eta Bidelagun.

IGELA argitaletxearen ezaugarri nabarmenena mundu osoko literaturako obrarik esanguratsuenetako batzuk hautatu eta haien itzulpenak argitara emateko asmoa zen. Eta hori egin dugu gehien bat gaur arteko ibilbidean: ehun eta hamabost titulu inguru euskararen ondarera ekarri. Hor aritu eta trebatu dira gaur egungo euskal itzultzaile punta-puntako batzuk.

Kilikids

Kilikids argitaletxeak irakurtzeko ohitura sustatu nahi du txikienen artean edota haien irudimena zabaldu alegiazko historien bitartez. Material pedagogikoen artean, haurrentzako ipuinak, historia luzeagoak edo puzzleak dituzte. Halaber, bideojoko bat argitaratu dute mugikorrerako eta tabletarako, eta youtube-ko kanal bat dute pertsonaien historiekin.

Mintzoa

Mintzoa argitaletxea Segundo Otatzu Jaurrietak sortu zuen 1983an, ahanzturan eta bazterrean gera ez zitezen gure historia, gure idazleak eta Nafarroa. Gure espezialitatea, bat eta bakarra, Nafarroako historiarekin lotura duten liburuak, bildumak eta faksimileak argitaratzea da. Idazle hauen lanak eta beste hainbatenak eman ditugu argitara: Esteban de Masparrauta, Pedro Agramont y Zaldibar, Alfonso López de Corella, Arturo Campión, Iturralde y Suit, Navarro Villoslada, Aranzadi. Hauxe da gure helburua: jendeak ariman sartzea eta bihotzean eramatea "gurea dena", eta ez ezagutzeagatik gutxietsi ordez, zer den jakin, maitatu eta gorestea.

Pamiela

1983an bere ibilbideari ekin zion Pamielak mila titulu baino gehiago ditu euskaraz zein gaztelaniaz argitaratuta. Diseinu zaindua erabiltzen du, eta batez ere kultur arloko etengabeko presentzia publikoa du. Fikzioko lanak (narrazioa, poesia, haur eta gazte literatura) euskaraz  zein gaztelaniaz argitaratzen ditu. Oso idazle ezagunak ditu bere katalogoan; hala nola, Bernardo Atxaga, Miguel Sánchez-Ostiz, Joseba Sarrionandia, Pablo Antoñana, Arantxa Urretabizkaia,...

Euskal Herriko historia, kultura eta gizarteari buruzko saiakerak euskaraz zein gaztelaniaz argitaratzen ditu. La Navarra marítima, Orhipean (euskara, gaztelania, frantses eta ingelesezko bertsioekin), Navarra, Castillos que defendieron el Reino edo El deseo de leer bezalako liburuak erreferentzia argiak dira bai espezialistentzat, bai publiko zabalentzat ere.

Txalaparta

Txalaparta, euskaldunen antzinako perkusio-tresna herrikoia da, arbasoek komunikatzeko ere erabili zutena. Gaur egun, halaber, TXALAPARTA euskal argitaletxe aske eta independiente baten izena ere bada.

Nafarroatik, gure herriaren soberania kulturala eta informatiboa lagundu eta bermatu nahi duen egitasmoa da. Halaber, munduko herrien arteko harremana hobetuko duen edozein literatur lanen bozgorailu ere izan nahi dugu, errealitatea eraldatzen, memoria historikoa berreskuratu eta gordetzen, eta aniztasunari eta utopiei bideak zabaltzen lagunduz…

Txori Erreka

Nafarroako argitaletxe independente bat da. Liburuaren akaberaren kalitatea da gure identitate markarik argiena, liburuaren edukiarekin bat datorrena.

1984tik gaur arte, 200 liburu baino gehiago egin ditugu euskal kulturaren ondare material eta immaterialaren arloan.

Liburuek gure argitalpen lerroarekin bat egiten dutenean, argitalpen eleanitzak egin ohi ditugu, 4 hizkuntza hauetan: euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa.

Batzuetan, banaketaren arabera, hiru hizkuntzatan egiten ditugu, eta zenbait libururekin, berriz, edizio elebakarrak egiten dira hizkuntza guztietan.

Euskal Herriko eta mundu osoko autore eta kolaboratzaile anitzekin egiten dugu lan; horrek laguntzen digu lan zorrotzak egiten eta, betiere, jatorrizko lanak lortzen.

Ikertzaileen oinarri zabal horrekin aritzen garenez, JAUZARREA kultur plataforma sortu ahal izan dugu; euskal kultura aztertzeko eta hedatzeko funts bat da, eta argitaletxeak berak sustatzen du, kalitate markatzat har daitekeelako. Bestela esanda, kulturarentzako euskal tresna bat da munduan.

Txoria Errekan etxearen helburua da euskal kulturaren ezagutza hedatzeko tresnak gizarte osoaren eskura jartzea, ahalik eta modu efektiboenean.

Horretarako, JAUZARREA kultur funtsak bere programen bidez (ATLANTIAR, OREINA URKIAN KANATA, EUSKARA eta KNEKK TEPAW programak) egiten duen lanarekin bat egiten du argitaletxearen beraren dinamikak, hainbat ekimenetatik ailegatzen zaizkigun askotariko liburuak argitaratzearen bidez.

Era berean, diseinu grafikoaren eremu guztietan lan egiten dugu berrikuntzan: enpresentzako irudi korporatiboa sortu, logotipoak eta markak egin, eta horien aplikazioak diseinatzen ditugu; aplikazio espezifikoentzako ilustrazioak, kartelak, eskuorriak, erreportaje grafikoak, aldizkarietarako artikuluak eta askotariko publizitate euskarriak sortzen ditugu, baita plataforma sozialen bidez gizartean eragin ere.

Edizioaren munduan, berriz, Txoria Errekan-ek hau du eskaintzeko:

  • Argitaletxeak berak, bere ekimenez, sortutako eta argitaratutako liburuak, bere funtsa.
  • Argitaletxeak berak egindako liburuak; beste erakunde batzuei proiektua aurkeztu eta horiek egitasmoa berentzat hartu ondoren, Txoria Errekan-ek bere osotasunean egin dituen horiek: edukiak pentsatu eta biltzea (testuak, argazkiak, dokumentu grafikoak, marrazkiak), edizioa diseinatzea eta liburuak saltzea, izan argitaletxearen bitartez, izan beste banaketa bide batzuen bidez.

Bezero jakin batek enkarguz eskatuta, argitaletxeak osorik egindako liburuak, halakoetan ere Txoria Errekan-ek edizio prozesu osoa bere gain hartu baitu.

Azoka aurrera ateratzen lagundu nahi?
Antolakuntzan parte hartu nahi baduzu, edo beste edozein ekarpen egin nahi baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan.