DENONARTEAN, batetik, nazioarteko mailan ezagunak diren egileen obrak euskarara ekartzeko sortu da, eta, bestetik, euskaraz sortutako obrak zein euskal gaien ingurukoak argitaratzeko. Katalogo orekatua du helburua, argitaletxearen funtsari eta egileei dagokienez, eta, horregatik, idazle oso ezagunen ondoan –Lev Tólstoi edo Fernando Pessoa, esate baterako–, euskal idazle berrien aldeko apustua ere egiten ari da (Mikel Mendibil, Rebeka Elizegi edo Egoitz Garro, esaterako). Kalitateko lanak eskaini ez ezik (irudiak, marrazkiak, argazkiak...), balio pedagogiko unibertsalak ere bultzatu nahi ditu: ekologismoa, adiskidetasuna..
Eunate argitaletxea duela 30 urte baino gehiago sortu zen Iruñean (Nafarroa), hiru unibertsitate dituen hirian, hain zuzen material akademikoa argitaratu asmoz: medikuntza, zuzenbidea, ekonomia eta gizarte lana, hasiera batean. Gerora, espiritualitatearen eta teologiaren gaiei ere heldu zien. Handitu ahala, eleberriak, ipuinak eta poesia editatzen hasi zen, autore eta obra gehiagori leku eginez. Gaur egun, belaunaldi aldaketa egin eta gero ere, helburuak ez dira aldatu: literaturari dagokionez, helburua da kalitatezko lanei jendaurrean aurkezteko aukera ematea; dibulgazioaren eta unibertsitatearen arloetan, berriz, lan berritzaileak eskaintzea, zorroztasun akademikoa dutenak eta interes orokorrekoak direnak.
Mintzoa argitaletxea Segundo Otatzu Jaurrietak sortu zuen 1983an, ahanzturan eta bazterrean gera ez zitezen gure historia, gure idazleak eta Nafarroa. Gure espezialitatea, bat eta bakarra, Nafarroako historiarekin lotura duten liburuak, bildumak eta faksimileak argitaratzea da. Idazle hauen lanak eta beste hainbatenak eman ditugu argitara: Esteban de Masparrauta, Pedro Agramont y Zaldibar, Alfonso López de Corella, Arturo Campión, Iturralde y Suit, Navarro Villoslada, Aranzadi. Hauxe da gure helburua: jendeak ariman sartzea eta bihotzean eramatea "gurea dena", eta ez ezagutzeagatik gutxietsi ordez, zer den jakin, maitatu eta gorestea.
Txalaparta euskal argitaletxea libre eta independente bezala definitzen da. Nafarroatik konpromisoa du Euskal Herriko kultur subiranotasunarekin eta informazioarekin, eta planeta solidarioaren eta anitzaren aldeko apustua egiten du. Helburuetariko bat da munduko herrien arteko harremana hobetzen, errealitatea aldatzen, memoria historikoa gordetzen eta dibertsitaterako eta utopietarako bideak irekitzen dituen edozein literatura-sormenaren bozeramaile izatea.
Editore Independenteak izenarekin herrialde ezberdinetako hainbat argitaletxerekin argitaratzen dute askatasuna bermatze aldera monopolioaren eta pentsamendu bakarraren aurrean.
1983an bere ibilbideari ekin zion PAMIELAk 700 titulu baino gehiago, euskaraz zein gaztelaniaz, argitaratu ditu, diseinu zaindua batez ere kultur arloko etengabeko presentzia publikoa dauzkalarik. Oso idazle ezagunenen (Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Joxemari Iturralde, Patxi Zubizarreta…) fikzioko lanak (narrazioa, poesia, haur eta gazte literatura) argitaratzen ditu euskaraz.
Euskal Herriko historia, kultura eta gizarteari buruzko saiakerak euskaraz zein gaztelaniaz argitaratzen ditu. La Navarra marítima, Orhipean (euskara, gaztelania, frantses eta ingelesezko bertsioekin), Navarra, Castillos que defendieron el Reino edo El deseo de leer bezalako liburuak erreferentzia argiak dira bai espezialistentzat, bai publiko handiarentzat.
Alkibla argitaletxe independentea da, eta argazkigintza dokumentalarekin lotutako proiektu kulturalak eta editorialak lantzen ditu, literaturarekin eta beste diziplina eta adierazpide batzuekin elkarrizketa sortzailean. Irudi dokumentaletik landu daitekeen gai kultural, sozial edo politiko bat ere ez zaigu arrotza egiten.
Nafarpresek, tokiko prentsaren Nafarroako elkarteak, 2006ko abenduan hasi zuen bere ibilbidea, tokiko prentsa eta informazioa herritarrengandik hurbilen dagoen ikuspegitik sustatzeko helburuarekin.